XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

MIHURA
Viscum album
Garrantzia: Asko ikusten da Gipuzkoako sagastietan, batez ere zaindu gabe daudenetan.
Sintomak eta kalteak: Landare erdiparasito bat da eta hanbait arbolatan bizi ohi da: sagarrondo, makal, konifero, etab.

Klorofila daukanez, badu gaitasuna aireko karbono anhidridoa hartu eta karbono hidratoak sintetizatzeko; gatz mineralak eta ura, ordea, landare ostalariari kendu beharrean aurkitzen da.

Mihurak arbola parasitatuaren adarretan sartzen ditu bere sustraiak eta handik zurgatzen du barnean dabilen izerdia.

Espezie dioikoa da, hots, mihura batzuk arrak dira eta besteak emeak.

Hostoak, aurkakoak, estuak eta iraunkorrak dira, berde horiskak, zurtoinaren kolore berekoak.

Loreak berde zurbilak izaten dira eta oso gutxi nabarmenduak.

Fruituak, esferikoak gutxi-asko transluzidoak, hazi bat edo bi edukitzen dituzte eta oso liskatsuak direnez, erraz eransten zaizkie txorien mokoei; horrela barreiatzen dira espeziea hedatuz.

Borroka: Ahal bada, fruitu eman aurretik erauzi.

Adar finetan aurkitzen denean, adar eta guzti inausi eta gero erre.

Adar lodietan balego mihura kentzean egur zati bat ere kendu, sustraiak han gelditu ez daitezen, bestela berriro jaioko litzateke.

Azkenik, produktu desinfektatzaile eta zikatrizatzaile batekin estaliko da zauria.